XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) aste edo hilabeteak geroago...

Ni-neu ilea laztuta nengoen, dexente kokilduta.

Xuc omen zen denetan zoriontsuena, altu eta xukua, kanabera bezala, betaurreko beltzak, komunera joateko ere uzten ez zuen larruzko kazadora, New Yorken erosi zituen zulatutako galtza bakeroak eta Lita Forden elastikoa jantzita.

Bokadilo itzela jaten ari zen, urdaiazpikozkoa, goseak jota: inbiria ematen zuen.

Laura, kezkati, bueltaka ari zen oraindik:

- Zer esan nahi duk, Xuc, hire gurasoak fidatzeko modukoak direla?

Xucek barre egin zuen, txakur-muturrez.

- Ene gurasoak ez ditugu topatuko ez etxaldean, ez eta etxalde inguruetan ere, hara fidagarriak diren ala ez... esan zuen, ahoa bete bokadilo.

- Kanpoan al dituk?

- Zeharo kanpoan, munduaz beste aldean, intxixuak bezala.

- Ez, arriskurik ez dago, abuztuaren erdialdera arte, behintzat.

Lauraren lata hartu eta amaitu arte edan zuen, neskak solasa hausnartzen zuen bitartean.

Laura egundoko aldaketa eginda zegoen ikasturte hartan: aurpegian garaurik ez eta, ilea zeharo moztuta, kaskamotz geratu zen.

Kokotean zeuzkan orain lau txima luze eta zepilo bitxia gandorrean, fijadorez orrazten zuena.

Artega, urduri zegoenean, oraintxe bezala, erpurua eta hatz erakuslea belarrietatik pasatzen zituen eta eskubiko gingila zulatuta zuten zilarrezko hiru uztaiei jirarazten zien.

Tik antzeko zerbait zen keinu hura.

- Konforme, zuek irabazi.

- Tira, segi bileteak erostera, bestela trenak hemen utziko gaitu.